XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ALBANIA

Sozialistek Ilir Meta proposatu dute lehen ministro izateko

ILIR META gaztea izango da ziur aski Albaniako hurrengo lehen ministroa, atzo bere alderdiak sozialistak kargu horretarako aurkeztu baitzuen.

Aurreko gobernuburuak, Pandeli Majkok, herenegun utzi zuen kargua, alderdi sozialistako buruzagitza lortzerik izan ez zelako.

Metaren alde egin zuten sozialisten buruzagitzako 68 kidek eta beste 45ek Tiranako poliziaburu Makbule Cecoren aldeko botoa eman zuten.

ALEMANIA

Alemania Demokratikoko azken estatuburua, akusatuen aulkian

ALEMANIAKO Errepublika Demokratikoko azken estatuburuaren, Egon Krenzen, eta beste bi agintari ohiren aurkako zigorrak berriro aztertzeari ekin zion atzo Auzitegi Gorenak.

Krenzi sei urte eta erdiko zigorra ezarri zioten 1997an, Ekialdeko Alemaniatik ihes egin nahi zuten lau lagunen hilketa dela eta.

Krenzek 1989ko urrian ordezkatu zuen Erich Honecker liderra eta bere agintepean ekin zitzaion erreformari.

Nik ez nuen ez Berlingo Harresia ez Gerra Hotza asmatu. Nazioarteak onartzen zuen herrialde baten legea bete besterik ez nuen egin, argudiatu du Krenzek.

FRANTZIA

Etorkinen kanporatzeak ugaritu nahi ditu Chevenementek

FRANTZIAN egoteko baimen ofizialik ez duten etorkinen kanporatzeak ugaritzeko eskatu die Jean Pierre Chevenement Barne ministroak prefetei.

Liberation egunkariak atzo zabaldutako agiriak dioenez, Chevenementi iruditzen zaio legez kanpokoen kanporatze gutxi dagoela, eta etorkinak biltzen diren lekuetara poliziak igortzeko proposatu die prefetei.